XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hiri autonomoen sarrera-irteera guztiak itxi egin dituzte israeldarrek.

Ez dago Ramallatik irteterik.

Ez dago Jerusalemera joaterik.

Horregatik erabaki dut Ramallatik irtetea.

Jerusalemera joatea.

Ez naiz bakarra.

Bidaiari guztiak emakumezkoak dituen taxia topatu dut, ondo kostata.

Errepide nagusian abiatu eta kilometro pare batera egin dugu topo israeldarren lehenengo kontrolarekin.

Atzera egiteko, ez dagoela pasatzerik.

Ez da inor harritu.

Setiatuta gaude.

Atentatua egin genuen atzo.

Atzera egin du furgonetak, bidaiari guztiak isilik, Ramallara itzultzeko etsita bageunde bezala.

Baina oraingoan taxia ez dut utzi, eta gidariak bidezidorren bat noiz hartuko zain gelditu naiz.

Ramallaraino itzuli, hiri barruan jiratu eta bidexka batean sartu da.

Errepide estuan barrena abiatu gara, bidezidor kaskar bilakatu da aurrerago eta batere asfaltorik gabeko mendibide aldapatsu gero.

Furgoneta eta kamioneten errenka luzean joan gara, eguzkiak idorturiko bide zartatuan triki-traka, Jerusalem aldera: bide batean abiatu eta, ibilgailuak bueltan datozela jabetuta, atzera egin eta beste bide batetik sartu.

Makina bat aldiz sartu du gidariak atzera-martxa, aurrez aurre zetozkion ibilgailuak bide meharrean saihestu ezinda.

Baina izkin egin diegu israeldarrek errepide nagusian paratu dituzten bost kontrolei.

Agintari israeldarrek badakite, ondo jakin ere, inguruetako bidezidorrak hartuz Jerusalemera joan-etorrian gabiltzala hainbat palestinar, baina bide nagusia ondo kontrolatua dute.

Mendibideetan doazen ibilgailuak kontrol puntuetatik begiztatu ere egiten dituztela egingo nuke.